Irakurleak idazle nahi zuen izan.
Ehunka, milaka liburu irakurri ondoren, urtetan pilatutako jakintza idatziz jasotzea erabaki zuen, eta ordura arte irakurtzeko izandako grinaz ekin zion idazteari.
Orrialde zuriak irensteko makina bilakatu zen. Ohartzerako lehen liburua argitaratu zuen, letra ñimiñoz betetako ehunka orrialde. Arrakasta itzela izan zuen liburu hark: “mendeko liburua” izendatu zuten kritikariek, eta, ondorioz, gogo gehiagoz ekin zion idazteari.
Egunak idazten ematen zituen, eta, gauak, egunez idatzitakoa zuzentzeko erabiltzen zituen. Ez zuen beste ezertarako astirik hartzen: idatzi, zuzendu, argitaratu, promozionatu, idatzi, zuzendu…
Bizitza amaierarik gabeko liburu bilakatu zitzaion, eta, ohartzerako, bere egunerokotasunean izandako gauza txikiak faltan bota zituen: lagunekin egotea, pasieran aritzea, mendira joatea, eta bereziki, gehien maite zuena egitea: irakurtzea.
Idazleak irakurle nahi zuen izan.