Heriotzak liburuaren aurkezpena

Heriotzak Datorren asteartean, Elkarren eskutik HERIOTZAK liburua aurkeztuko dugu. Azal iluna izan arren, edukia ez da hain beldurgarria. Hona sinopsia:

Josu ospitalean dago, ustez, bere azken egunak izango direnak igarotzen. Heriok aurki eramango duela sinetsita dago, gauero egiten baitio bisita. Josuk, halere, ez du hil nahi, eta ihes egin behar diola erabakitzen du, engainatuko duen zerbait asmatuz. Estualdi horretan dagoela, heriotzari buruzko istorioak kontatuko dizkiote elkarri.

Eta hemen informazio gehiago.

Zozketa: Izarren artzaina

Durangon izan naiz gaur Txalapartako lagunekin arratsalde pasa ederra egiten. Eta bidaia aprobetxatuz, “Izarren artzaina”-ren hainbat ale ekarri ditut etxera.

Zuekin nahi dut une hau ospatu eta, beraz, bi ale zozketatuko ditut nahi duzuenon artean. Zozketan parte hartzeko nahikoa duzue hemen erantzun bat uztea.

Ostiralean egingo dut zozketa. Zorte on!

Izarren artzaina

Izarren artzainaDatorren asteartean, abenduaren 1ean aurkeztuko dugu “Izarren artzaina”.  Istorioa osatu eta edertzen duten ilustrazioak Maite Gurrutxagak egin ditu.
Hamabi urtetik aurrerako gaztetxoei zuzendutako istorioa da “Izarren artzaina”, ikutu fantastikoa du baina ez nuke fantasiazkoa denik esango. Irakurleek esango dute. Horra sinopsia:

Izarren bizimodua aldatu du gerrak. Bere amarekin bizi den gizona, Jota, petraldu da gerraren ondorioz fabrikatik kanporatu dutelako. Ordu arte gizon lasaia zena, ama-alabak beldurtzen dituen piztia zauritu bihurtu da. Beldurrez betetako gau batean ezagutu du Izarrek Daniel, izarren artzaina.
Danielen esanetan, pertsonen ametsekin pizten dira izarrak eta betetzean zerutik desagertzen doaz. Horretarako zaintzen ditu Danielek izarrak, ametsak noizbait egia bihur daitezen, betirako zeruaren beltzean galduta gera ez daitezen.
Betetzeko sortu baitira ametsak.

Hortza galdu du Jonek

Ostegun honetan Donostiako Liburu Azokaren ekitaldien baitan “Hortza galdu du Jonek” ipuina aurkeztuko dugu. Testua nik idatzitakoa da eta marrazkiak (bikainak oraingoan ere) Ander Hormazurik egin ditu.  Argitalpenaz Aizkorri argitaletxea arduratu da. Bost urtetik gorako haurrentzako ipuina da eta honakoa da sinopsia:

Hortza galdu du Jonek. Erori eta galdu egin zaio. Pozik jarri da, halako batean hortza erori zaiolako bere lagunei bezala. Baina hortza galduta ez du burukoaren azpian jartzeko hortzik izango, eta orduan… nola ekarriko dio oparia Perez sagutxoak? 

Mikroipuinak entzungai

Sorpresa pozgarria eman didate gaur goizean: Lekeitioko Arrakala Irrati librean labe honetan egositako mikroipuinak irakurtzen hasi dira. Irratiz irakurtzeko egokiak omen dira. Pozten naiz ba!
Nik bueltan, beraien lanaz baliatzea erabaki dut. Haiek irakurritako ipuinen audioak labean jarriko ditut entzungai aurrerantzean. Oraingoz, lehen ipuina baino ez dago: Urdina beltz.  Espero laster gehiago etorriko direla.
Urdina beltz (mp3)