Amaiera

Boligrafoa neke itxurarekin gerturatu zait.
—Ezin dut gehiago! —ziurtatu dit berehala—. Agortuta nago!
—Ni ere bai —onartu diot.
—Bi urte daramatzat zure ipuinak idazten —gaineratu du—, eta laburrak izan arren jada ez zait tintarik gelditzen.
Kexua espero nuen, ezer ez baita betirako. Nik ere ideiak agortu ditudalakoan nago, baina hala ere, azken ahalegin bat eskatu diot:
—Lagundu ipuinak zenbatzen.
Halaxe egin dugu. Banan-bana zenbatu ditugu ipuin guztiak 99ra iritsi arte.
—Ehun ipuin idazteko erronka jarri nion nire buruari —esan diot orduan boligrafoari—. Gai ikusten al zara azken ahalegina egiteko?
—Zuri zer iruditzen? —erantzun dit harro, nire eskura salto eginez.
Pentsakor gelditu naiz une batez, azken ipuina izango denaren gaia erabakitzeko. Berehala ohartu naiz, ordea, ez dela oso erabaki zaila, eta boligrafoaren tinta-hondarrak astinduz azken ipuinaren titulua idatzi dut:

AMAIERA

Muxua

Lo zegoen haurrari muxu eman nahi zion aitak.
Gelara sartu eta mantak ongi jarri zizkion, gauean hoztu ez zedin. Maitekiro begira gelditu zitzaion, baina ez zen muxu ematera ausartzen.
Zer gertatuko zen muxuak esnatzen bazuen?
Ohe ondoko argi txikia itzali, eta azken begiratu triste batekin gelatik atera zen, lo zegoen haurrari muxu eman ez izanaren damuak penatuta.
Une berean zabaldu zituen begiak semeak.
Beste behin ere aitaren mugimenduen zelatan egona zen, begiak itxita, hainbeste irrikatzen zuen muxua noiz iritsiko zain. Baina gau hartan ere muxua ez zen iritsi, eta ondorioz loa ere ez zen erraz iritsiko.
Aitak ez ziolako eman hain gogoko zuen gabon muxua.

Lanbidea

Langabezia zen bere lanbidea.
Krisian zeuden enpresak bixitatu, neurriratu eta ixtea zen bere espezialitatea. Soldata jaitsierak, langileen kaleratzeak eta ondareen salerosketak ziren bere egunerokoa, eta horrekin bizitzera ohitua zegoen. Ez zegoen oihurik gabeko egunik, negarrik gabeko bilerarik edo pankarta beltzik gabeko ingururik.
Sufrimendua zen bere lanbidea.
Bizimodu horretaz nazkatuta hain ongi ezagutzen zuen langabeziaren bidea hartu zuen, ogibidez aldatzeko gogoz. Lanbideko bulegora inguratu eta bizitza berri baten esperantza zutenen zerrendan inskribatu zuen bere burua.
Funtzionarioak aurkeztutako formularioa zintzotasunez betetzea erabakita, esperientziaren orrian honakoak jarri zituen: negarra, sufrimendua, albiste txarrak, etorkizun faltak, amaierak.
Berehala aurkitu zioten lana ehorztetxe batean.
Heriotza zen bere lanbidea.

Pazientzia

Ez zuen inoiz pazientziarik izan.
Ez zuen pazientziarik zain egoteko, ezta gauzak egiteko ere. Ez zekien denboraz gozatzen, edo besterik gabe paisaia eder bati begira egoten. Ezinegonak irensten zuen, eta gauza bat amaitu orduko jartzen zen martxan hurrengo zereginaren bila.
Ezin zuen trenaren zain egon behar baino minutu bat gehiago. Berandatzen zen edonori errieta egingo zion, eta hitz-aspertuez elkarrizketa bat luzatzen ziotenean, berehala moztu edo alde egingo zuen, pazientzia galduta.
Nonbaitera joan behar bazuen ere aldez aurretik urduritzen zen, garaiz ez iristearen beldurrez. Jarraian, denboraz soberan iristen zenez pazientzia galtzen zuen itxarotea egokitzen zitzaiolako.
Ez zuen inoiz pazientziarik izan.
Horregatik, medikuak minbizia zuela esan zionean bere buruaz beste egitea erabaki zuen.
Ez zuen pazientziarik heriotzaren zain egoteko.

Poeta

Benetako poesia idazten zuen.
Bere liburuak ez ziren autobusean irakurtzeko modukoak. Bere bertsoek ezin zuten edozeinen gogoa ase, sentimendu berezia transmititzen zutelako. Hitzak ez ziren arruntak, esanahiak ez ziren sinpleak, eta egiturek moldeak hausten zituzten.
Poesia sakona lantzen zuen.
Kritikariek ez zuten maite, aurreratuegia zelako haientzat. Irakurleek ez zuten maite, ez zirelako bere arteaz jabetzen, eta argitaletxeek ez zuten maite, ez zuelako libururik saltzen.
Bere poesia horien guztien gainetik zegoen.
Erakustaldi modura poema arrunt bat idatzi zuen, berak hainbeste gorroto zuen ohiko maitasun lerdokeria, bihotz gorri, odol bero eta malenkoniaz betea. Maiteminez zegoen lagun bati bidali zion poema sare sozialen bitartez, txantxa modura. Ohartzerako sareko fenomeno bilakatu zen: milaka lagunek irakurri zuten bere poema, poeta aurrerakoitzat jo zuten adituek, eta argitaletxetatik deika hasi zitzaizkion.
Poesia idazteari utzi zion. Bere artea ez zen edonorentzat.

Bisita

Urtean behin etortzen zait familia bisitan.
Urtean behin etortzen dira guztiak: batzuk bakarka, taldeka besteak, baina pixkanaka familia guztia inguratzen da nirera.
Beti gustatu izan zaizkit bisitak, eta haiek goxo hartzeko ahalegina egiten dut ingurua atonduz: Kanpoko hostoak garbitu eta zikina kentzen saiatzen naiz. Ihartutako lore zaharrak botatzen ditut, ekarriko dizkidaten lore berriei tokia utzi nahian.
Urtean behin elkartzen da familia nirean, eta inoiz ez diote elkarri galdetzen nor arduratu den guztia txukuntzeaz.
Azken finean, nor kezkatzen da hilobi bat garbitzeaz?

Hego-haizea

Hego-haizea iristearekin batera utzi zituzten armak.
Albistegi guztiak zabaldu zituzten, egunkarietako azalak bete. Hainbeste urteren ondoren amaitu ziren tiroak, bakea iritsi zen, hego-haizea bezalaxe.
Albiste zaparradak zorabiatuta mendira joan nintzen, hego-haizearen laguntzaz beste bake baten bila. Baina, mendiko bakea tiro hotsek hautsi zuten.
Hego-haizeak ez ditu arma guztiak uxatzen.

Usainak

Usainak ditut maite.
Usain mota guztiak: gozoak, lerdenak, leunak eta eztiak. Gardenak, zein nazkagarriak. Guztiak ditut maite.
Nonbaitera iritsi orduko sudurreko leihatilak ongi zabaldu eta bertako usain guztiak arnasteko ahalegina egiten dut. Batzuk ezagun egiten zaizkit, eta oroitzapenak sortarazten dizkidate berehala. Besteak, berriak dira niretzat, eta azkar barneratzen ditut, badakidalako usain horiei ezker etorkizunean berriz biziko dudala une hori.
Usainak ditut maite, haiek osatzen dutelako nire memoria. Iraganera eramaten naute, lurrinez osatutako etengabeko bidaietan, eta haiei ezker behin eta berriz ekartzen ditut gogora bizitako esperientzia guztiak.
Usainak zenbat maite ditudan jakinik, perfumerik garestiena oparitu zidan lagun batek behin. Haserre, oparia itzuli nion: ez ditut perfumeak gogoko.
Usainak estaltzen dituzte.

Gazte-txartela

Ez zuen Gazte-txartela inoiz erabili.
Ez zuen inoiz zinemarako sarrera merkerik erosi txartelaren laguntzaz, edo deskonturik eskatu kiroldegian. Bera joan ohi zen kontzertuetan ez zuten Gazte-txartelik onartzen, eta ez zitzaion inoiz burutik pasa Europa trenez zeharkatzea, txartelaren prezio-abantaila baliatuz.
Diru-zorroan beste agiriekin batera zeraman arren ez zuen inoiz Gazte-txartelaren beharrik sentitu, iraungi zitzaion arte.
Gaztetasuna ofizialki iraungita zahar sentitu zen.

Beldurra

Jaio zen herritik ez zen inoiz irten.
Bidaiatzeak izua eragiten zion, erabateko ikara. Zer gertatuko zen hegazkina eroriz gero? Edo auto-istripua izaten bazuen? Zer egin lurralde arrotz batean gaixotzen bazen, edo dokumentazioa lapurtu eta bakarrik galduta geldituz gero?
Bidaiatzeak ikara eragiten zion. Horregatik, lehen aldiz oporretara joatea erabaki zuenean ongi planifikatu zuen guztia: herrialde arriskutsuak alde batera utzita heriotza eta kriminalitate-tasak aztertuta oporretara Luxenburgora joatea erabaki zuen. Ondoren, istripu-estatistikak begiratu zituen garraiobide seguruenaren bila, eta trena hautatu zuen, tren-konpainiarik ezagunenarekin billetea erosiz. Bidaiarako behar zituen botika guztiak erosi eta maleta prestatu zuen, hotz zein berorako arroparekin. Azkenik bidaia-aseguru bat kontratatu zuen, ezustekorik ez izateko.
Maletarekin etxetik irtetean erori zen eskaileretatik behera. Hiru hezur hautsita ez zen ospitaletik mugitu opor guztietan.