Maite zaitut

—Maite zaitut —esaten zion, garrasika irainduz umiliatzen zuen bakoitzean.
—Maite zaitut —hitzematen zion mahaian eserita, bazkaria hotz zegoenaren aitzakiaz platerak lurrera botatzen zituen bakoitzean.
—Maite zaitut —xuxurlatzen zion damututa, emandako jipoiaren ondorioz lurrean botata uzten zuen bakoitzean.
—Maite zaitut —erregutzen zion barkatzeko etxera mozkortuta iritsi eta bortxatzen zuen bakoitzean.
—Nik ere maite zaitut —erantzun zion emazteak, senarrari sabelean sukaldeko aiztoa sartzeagatik atxilotuta eraman zutenean.

Baratza

Ez zuen inoiz aitaren baratza zaindu.
Baratza polita zen hura, etxekoentzat behar adina barazki ematen zituena.
Aita beti saiatu zen semea baratzeko lanetan inplikatzen, barazkien jatorria irakasten, baina semeak ez zuen gaiarekin ezer jakin nahi.
—Nik ez dut barazkirik jaten —esaten zion semeak—. Jan nahi dituenak zaindu ditzala!
Opor garaian bereziki eskatzen zion aitak baratza zaintzeko, bera kanpoan zegoen bitartean ureztatzeko gutxienez. Hori ere haserrerako arrazoi bihurtzen zitzaien, urteen poderioz aitak baratza alde batera utzi zuen arte.
Aita hil zen urtean loreontzi handi batzuk eta nekazaritza liburuak erosi zituen semeak.
Etxeko balkoian landatu zuen baratza.

Estresa

Estresak jota zegoen oporrak hartu zituenerako.
Lana, bulegoa, nekea, bilerak, telefonoa, arazoak, kezkak, bezeroak, epeak, buruhausteak… Gogo biziz hartu zuen abuztuaren lehena, eta etxera joan zen, familiarekin deskantsatzera.
Estresak jota zegoen oporrak amaitu zituenerako.
Umeekin hondartza, igerilekua, parkea, negarrak, bronkak, kexak, gaixoaldiak, jatorduak, borrokak… Gogo biziz hartu zuen irailaren lehena, eta bulegora joan zen, familiaz deskantsatzera.

Eguzkia

Eguraldi txarraz nazkatuta zegoen.
Eguna joan, eguna etorri, euria baino ez zuen ikusten etxeko leihotik. Opor garaian, haurrekin etxetik atera ezinik egoteak erotuko zuen.
Interneten sartu eta eguzki bila hasi zen: Landak ez, eguraldia Euskal Herrikoaren antzekoa baitzen. Errioxan ere ez zegoen alde handirik, eta Benidormen abuztuan ez zegoen bizitzerik. Eguzkia nahi bazuen beste nonbaitera egin beharko zuen ihes.
Inspirazioak jota, telefonoa hartu eta izekori deitu zion: ez zegoen arazorik, Extremadurako bere etxea libre zegoen abuztuan.
Autoan sartu zituen haurrak eta emaztea, eta bitan pentsatu gabe jarri zen bidean. Bide erdian pozik piztu zuen autoko aire-girotua, eta iristean gogo biziz hartu zuen Extremadurako eguzki beroa. Han bai, han ez zen eguzkirik falta.
Egun gutxiren buruan ohartu zen hango beroa ez zegoela jasaterik, eta ilundu arte ez zen etxetik irteten.
Eguna joan, eguna etorri, eguzkia baino ez zuen ikusten etxeko leihotik. Opor garaian etxetik atera ezinik egoteak erotuko zuen.
Eguraldi onaz nazkatuta zegoen.

Lagunak

Milaka lagun zituen.
Munduko punta batean zein bestean zituen lagunak, kolore, arraza eta sexu guztietakoak. Egunero izaten zuen batekin zein bestearekin zer kontatua, eta gustura ematen zituen orduak lagunekin jardunean: bere azken nobedadeak kontatu, burutazioak partekatu, elkarrekin barre egin…
Lagunekin pasatzen zituen eguneko ordu gehienak, pantailaren aurrean eserita muga guztiak gaindituz: ez zegoen herrialderik, ez zegoen oztoporik, ez komunikazio arazorik. Bera, eta sarearen mila muturretan konektatzen ziren lagunak baino ez zeuden.
Milaka lagun.
Bihotzak kale egin zion egunean ez zen inor agertu bere hiletara.
Bere herrian ez zuen lagunik.

Entzun

—Entzun! —esaten zion ondotik pasatzen zitzaion edonori—. Entzun haizearen ahotsa, entzun zuhaitzen marmarra, entzun zure inguruan. Entzun!Inguruko hotsei buruz eztabaidan ematen zuen eguna: txorizalearekin txorien kantuaz, musikariarekin akordeen esanahiaz, edo parketan zeuden amekin haien haurren negarraren hizkuntzaz. Nonahi geldituko zen entzuten zuena adi-adi jarraitzera. Berdin zitzaion mendi-puntan egon, ala kale bazterrean. Soinua zen beretzat garrantzia zuen bakarra.—Zorionekoa zu —esan zion behin itsasgizon bati—, itsasoaren soinuak egunero gozatzen dituzula.—Itsasoan isiltasuna baino ez dago! —harritu zitzaion hura—. Nork du gogoko horrelakorik? Nik nahiago dut kaleko zarata, hemen bizitza dago.—Ez! Itsasoak mila ahots ditu: olatuen orroa, kaioen hizketaldiak, arrainen zipriztinak… entzuten jakin behar dira.—Egunero entzuten ditut nik —erantzun zion itsasgizonak—, baina nahiago dut kalean entzuten den giroa.—Entzun! —oihukatu zion besteak zebra-bidearen erdian geldituz—. Trafikoaren zarata baino ez da entzuten hemen.Gainetik pasa zitzaion kamioiaren orroa izan zen entzun zuen azkena.

Monotonia

Egunerokoa monotono egiten zitzaion.
Goizean jaiki, lanera joan, bazkaldu, lagunekin trago bat hartu, eta ohera. Behin eta berriz errepikatzen zen bizi-ziklo monotonoa.
Ostirala noiz iritsiko bizi zuen astea. Furgoneta hartu, eta ihes egiteko amorratzen.
Asteburuak etxetik urruti ematen zituen: mendian, hondartzan, eskiatzen edo bizikletan, berdin zitzaion non, baina urruti, monotoniatik ihesi.
Asteburua joan, asteburua etorri, furgoneta hartu eta ihes egiten zuen. Ihes egunerokotik, eta ihes monotoniatik.
Hori ere monotono egin zitzaion arte.

Irakurlea

Irakurleak idazle nahi zuen izan.
Ehunka, milaka liburu irakurri ondoren, urtetan pilatutako jakintza idatziz jasotzea erabaki zuen, eta ordura arte irakurtzeko izandako grinaz ekin zion idazteari.
Orrialde zuriak irensteko makina bilakatu zen. Ohartzerako lehen liburua argitaratu zuen, letra ñimiñoz betetako ehunka orrialde. Arrakasta itzela izan zuen liburu hark: “mendeko liburua” izendatu zuten kritikariek, eta, ondorioz, gogo gehiagoz ekin zion idazteari.
Egunak idazten ematen zituen, eta, gauak, egunez idatzitakoa zuzentzeko erabiltzen zituen. Ez zuen beste ezertarako astirik hartzen: idatzi, zuzendu, argitaratu, promozionatu, idatzi, zuzendu…
Bizitza amaierarik gabeko liburu bilakatu zitzaion, eta, ohartzerako, bere egunerokotasunean izandako gauza txikiak faltan bota zituen: lagunekin egotea, pasieran aritzea, mendira joatea, eta bereziki, gehien maite zuena egitea: irakurtzea.
Idazleak irakurle nahi zuen izan.

Mendizalea

Mendizalearen ausardia kondairazkoa zen.
Mundu osoan irabazi zuen fama mendian egindako balentrien ondorioz.
Hamalau zortzimilakoak inoren laguntzarik gabe igo zituen, oso gaztea zelarik. Everest oxigenorik gabe hiru aldiz igo zuen beste hainbat bidetatik, K2 ospetsuan bide berriak urratu zituen, eta paretatik zintzilik egoteko bere gogoan Patagonia eta Zeelanda Berriko amildegi ikaragarrienak gaindituak zituen.
Mendizalearen ausardia eromenetik gertu zegoela zioten bere kontrakoek. Jenioa zela, inoiz egon zen eskalatzailerik trebeena zela, bere aldekoek. Ez zuen inor epel uzten.
Islandiako sumendietara bideratua zuen hurrengo espedizioa, eta prentsaurrekoa eman zuen hura iragartzeko. Mundu guztiko kazetariek bete zuten prentsa-aretoa, eta hizkuntza ugari entzuten ziren era guztietako galderak eginez:
—Munduko gailur altuenak zapaltzen dituzu —galdetu zion kazetari euskaldun batek—. Baina ez zaitugu inoiz ikusi hemengo mendietan. Zergatik?
—Ez ditut hemengo mendi-bideak gogoko —erantzun zion mendizaleak urduri.
—Nola da posible? —jakin nahi izan zuen kazetariak.
—Baserrietako txakurrek beldurra ematen didate.

Pirata

Egurrezko hankarik gabeko pirata zen.
Ordenagailua zen bere pirata-ontzia, eta honen agintetik, Interneten harrapa zitzakeen altxor guztien bila aritzen zen: pelikula, telesail, liburu edo musika, berdin zitzaion. Guztiak balio zion.
Megak eta megak zituen eguneroko harrapakin, saguaren kolpez hondoratu eta behera jaisten zituenak, bere ordenagailuko ziberaltxorra handitzen zutenak. Pasahitz eta kode kriptografikoz babestuta zeukan altxorraren mapa, disko-gogorreko sektore ezkuturako bidea tranpaz betea.
Mende berriko pirata zen, gupidarik gabekoa, kontzientziarik gabekoa.
Ezustean piztu zitzaion kontzientzia.
Harrapaketan zebilela “Euro bat, liburu bat” zioen iragarki batekin topo egitean gertatu zen. Trikimailu baten aurrean zegoela pentsatu arren, iragarkia klikatu eta solidaritate kanpaina batera iritsi zen: liburu digitalak libre jaitsi zitezkeen gune bat zen, baina euro bat ordainduz gero dirua hondamendi bateko kaltetuei bideratuko zitzaien.
Edukiak eskura izan arren, begiko partxea eta bandera-beltza alde batera utzita kreditu-txartela erabili zuen. Euro bat ordaintzea bidezkoa iruditu zitzaion, elkartasunaren aitzakian, eta birritan pentsatu gabe Paypal-en laguntzaz ordaindu zuen.
Ordainketa gauzatu orduko mugikorra joka hasi zitzaion.
—Bai? —galdetu zuen harrituta piratak.
—Egun on —erantzun zion goxo emakume batek—. Bankutik deitzen dizut. Zure kontuan euro bateko mugimendua ikusi dugu eta segurtasun arrazoiengatik deitzen dizugu. Ziberpirata baten iruzurra izan ez dela bermatu nahi genuen.
—Lasai —erantzun zion berak asaldatuta—, nik egindako ordainketa izan da.
Telefonoa eseki eta azkar zabaldu zuen berriz bandera-beltza.
Ez zegoen zalantzarik: pirata bezala lasaiago bizi zen.